Otadiko leizea (2)


Aurtengo bigarren saiakera leize honetan eta azken alditan bezala eguraldi euritsu eta nahiko tristeekin esnatu ginen Aralarren, ala ere goizeko hamaiketan abiatu ginen taldeko sei kide, leizean antolatutako lanak betetzera.

Bi taldeetan banatu ginen, lehenengo hiruak esploratzen eta atzetik, beste hiru topografiatzen.

Azkeneko barrunbe honen bisitan, oreka putzuraino topografiatu zen, honaino -204m-ko desnibel eta 450m-ko garapena genuen markatua eta gaurko honetan hemendik hasi behar ginen pixkanaka galeri nagusien jarraipenekin.

Putzu honetatik gora jarraitu genuen hodi freatiko luze eta polit batetik, hormak gubian kolpez zizelatuak. Kontu handiz zeharkatu behar izan genituen leku pare batzuk, xafla mehez estalitako zoru hutsak baitzeuden. Esploratzaileekin gune honetan topatu ginen. Aurkitutako berriak jakinaraziz, taldeak birbanatu egin ziren. Agurra emanda, talde batek kanpoko bidea hartu zuen eta besteak galeri nagusien topoekin bukaeraraino jarraitzea erabaki genuen. Hemendik aurrera leizeko galeriek beste itxura eta dimentsioa hartzen dute, hasieran nahiko horizontala eta zoru hondartsua (hareharrien alea jaso zen taldeko geologoak aztertzeko) eta bukaeran maldatsua eta irristakorragoa. Horma ikusgarri bat aurkitu genuen maskorren fosilez itsatsita, horietako batzuk esku baten tamainakoak.

Malda irristakorretatik behera, errekaraino iritsi ginen. Errekak nahiko ura zeraman eta gure zoritxarrerako, ikusten zen 40m-ko zatia bi aldetan sifonatua zegoen. Errekarriak lurrean eta kirasdun kareharria ertzetan. Ez genuen oztopo hori gainditzeko aukerarik ikusi eta beste galerien esplorazioekin jarraitu beharko degu sifoiaren beste aldeen bila. Partaideen arteko hiru berri ginenentzat lehenengo aldia izan zen galeri hauetan, inpresio onak jasoz.

Topografiatutako poligonala marraztu arte ez degu jakingo ze kotan kokatzen den sifoia eta zenbateko garapena duen orain arteko topoak.

Itzulera nekagarria izan zen, barnean gizendu bagina zirudien, meandroren arrail estuak gurutzatzerakoan (progresioko zailena, agian).

Oroimenean geldituko da partaide bati gertatutakoa; izan ere, crolla ahaztu zitzaion eta etxolara bueltatu behar izan zuen haren bila. Baina kontua ez da hor bukatzen, leizearen ahora berriro iritsi zenean jaisteko stopa ere ahaztu zuela konturatu zen. Mosketoi batekin konpondu zuen akatsa eta esplorazioa bukatu ondoren, harritzekoa zen aluminioak jasotako jipoia. Tresna hau etorkizunerako jasoko da espeleologiako prestakuntza ikastaroetan zer egin behar ez den erakusteko.

Gaueko ordu bat eta erdietan irten ginen, euritan oraindik eta ordu bietan azaldu ginen bordan. Jendea urduritzen hasia zegoen noiz iritsiko zain. Dutxatu eta afaldu baino lehen, ongi etorria emateko, gure barmanek prestatuta zuen koktel gozoarekin erre genuen eztarrian zintzilik genituen azken lokatz arrastoak.

Haurrak bezela oheratu ginen, ukalondo eta belauneko minez, batzuk ohea erdibanatuz eta guztiak solisten zurrungak sufrituz, ametsetan hurrengo egunean dastatuko genuen hamar garren urteurreneko bazkari ederrarekin.

Sobre el Autor

Asociación sin ánimo de lucro de Espeleología enfocada a la protección y defensa del médio subterráneo

Calendario

abril 2025
L M X J V S D
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930