Meagorri
Asteburu honetako plana bertan bera utzi behar izan degu elurteengatik, eta azken momentuan goiz txango bat antolatu da, martxan dagoen argazki dokumentazioekin jarraitzeko. Taldeko zazpi kide elkartu ginen Meagorri meatzean, dituen formazio bitxien erreportaje grafikoa burutzeko asmoz.
Bi aho ditu eta hiru solairuetan banatzen dira galeriak, 100 bat metroko garapen eta 15m-ko desnibelarekin. Pasamanos bat eta beste 8m-ko rappela jaitsita, beheko galerian topatzen dira arrosa kolorezko formazio eder hauek. Oso politak dira ere hormetan kaltzifikatuta dauden sustraiak, baita lurzoruko mikrogoursetan aurkitu ditugun harribitxiak.
Irungo meatzaritzako gunerik ezagunenetako bat Sarjinola-Meazuriko errekaren arro gaineko plataforma da, Aitzondoko ur-jauzi ospetsuaren gainaldean. Goi-plataforma horren txangan (bailararen hasierako ME orientazioa, HI-koa bihurtzen den lekuan) daude Meazuriko (zain zuria) eta Meagorriko (zain gorria) zainetako jarduera-nukleoa osatzen duten meatzarien barrakoiak, garbitokiak eta eraikin osagarriak; meatze-ahoak, berriz, mendi-hegaletan irekitzen dira.
Aiako Harriak Euskal Herriko lurrik antzinakoena gordetzen du. Batolito granitikoa, duela 250 miloi urte baino gehiago lurrazalean agertutako magma goriaren hozturaren ondorioa da. Material harritsu honen transformazioa suertatu zen mineral preziatuen (zilarra, zinka, burdina, …) sortzaile.
Erromatar garaitik eremu honetako mineralak ustiatu ditu gizakiak. Meatzaritza jarduera handiena XX mendeko hasieran gertatu zen. Meazuri, Meagorri, Aitzondo eta Basakaitzeko meategietatik burdin karbonatoko minerala ateratzen zen, gero Meaka auzoan kokatuta dauden Irugurutzetako labeetan erretzeko.