Irteera: Intzartzuko Leizea
Blogean irteerei buruzko sarrera berri gutxi dauden arren, irteerak oso animatuta ibili dira azken hilabeteetan. Atzo bertan, batzuk eskola kirola irteera bat gidatu duten bitartean, beste talde bat Ataunera abiatu zen: Ion Fontenla, Juanjo Astigarraga, Txomin Ugalde eta Aiora Zabala. Goizean behe-lainoa zegoen bailara ondoetan eta zerua oskarbi. Egun eguzkitsua izan zen.
Intzartzuko Leizean proiektu txiki bat zegoen bukatzeke: pasa den astean lehenengo hiruak soka finko bat jarri zuten 20-30 metrotako eskaladaren bitartez eta egun luze baten ondoren hor utzi zuten, beste egunen batean esplorazio pixka bat egiteko.
Goizeko 9etan gelditu gara lokalean eta denboratxo bat pasatu ondoren Aiorarentzat materiala bilatzen (milesker Garazi arnesa eta uzteagatik!), abiatu gara kafetxo bizkor batekin batera Ion jasotzera. Juanjok lokatzdun bideetan gora gidatuz, kobazuloko sarrerarako aldaparen igoera erabat laburtu digu. Luxua!
Intzartzuko Zuloko sarrera oso berezia da, ezkutatua dago pago eder eta zahar baten atzetik, altua baino, hedatua hazi dena. Bista ederrak daude Amezti gain hartan, eta itsasoa ere ikus daiteke.
Sarrerako armiarmak agurtu ondoren, pasa den astean jarritako sokak zeuden jada beraz jaitsiera arina izan da. Bidearen paretak espeleotema txikiz beteta daude, norabide guztietan doazen kristaltxoak (izotz loreak?), besteak beste. Datorrenaren iragarri dira. Laster iritsi gara gela handi batera. Lurrean ikusi dudan lehena, leize-perla txikiak. Goursak ere, of course.
Koladazko aldapa altua du ganbarak, formazio bitxiak nonahi, eta gora zein behera joan daiteke. Gora joanez gero, han ikusi dugu norbaitek utzitako soka laranja, nola iritsi ongi ez dakigun nonbaitetik zintzilikatua. Behera joanez gero, azalore eta koraloide arteko itxura duten formazioak (botroideak?), hasieran kristaltxoak direnak eta denborarekin prezipitatu gehiagorekin estaltzean pilotatxoen multzotan bihurtzen direnak. Estalaktitak eta kortina handiak ere. Behera joanda hor nonbait sartuz gero, urdin koloreko putzu txiki lasai bat dago, ur gaineko kaltzita puska finekin. Eta beherago joan daiteke.
Gela handi honetako goiko aldean hiru leiho nabarmen daude, hiruak goitik lotzen dira. Hiru leio hauetako erdikoan beste norbaitek instalatutako soka ikusi dugu, gu gauden gela handira jaisteko modukoa. Leiho horietako lehenak pasa den asteko soka du. Hara igo gara eta zenbait marka interesgarri ikusi ditugu. Txominek maila honen bukaerako eskaladatxo bat egin eta kolmataturiko beste gela batera iritsi da. Ionek 3D irudi batzuk hartu ditu sakelakoarekin, gela handiaren planta marrazteko lagungarri izango direlakoan. Horrekin gaurko esplorazioa amaitutzat eman dugu eta soka finkoak desinstalatu egin ditugu pixkanaka-pixkanaka kanporako bidea eginez.
Kobazuloaren sarreran bista ederrekin pixkatxo bat jan eta aldapan behera abiatu gara material guztiarekin, ote eta iratzeen artean. Ataunen energia hartzeko beste geldialditxo bat eta ilunabarrean bueltan ginen lokalean, materiala uzteko.