Ibarreneko Sakona (kap.III)

Ibarreneko Sakona (kap.III)

Hainbat urte itxoin behar izan degu espeleo garapen handiko aurkikundearen zain. Taldeko 8 kide elkartu ginen joan den larunbat honetan, etorkizun handiko barrunbe honen esplorazioarekin jarraitzeko.

Galeria nagusiaren topoa, “Manteca areto” handiraino iristen zen orain arte, baina hemendik aurrera, hainbat bide desberdinak abiatzen dira. 2 taldetan banatuta: lehenak (hiru kidez osatuta), aretotik goranzko zatia topografiatzen jarraituko zuen eta bigarrena (bost kideekin), beherantz.

1 Taldea:

Areto nagusiaren gainetik beste bigarren bat dago, dimentsio txikiagokoa. Gune erdi-aktiboa da, zirkulazioaren arrasto nabariekin noizbehin sortuak.

Areto hau topografiatu zen, baita bere goialdean isurtzen diren bi meandroak. Hainbat galeri berri gelditu ziren alboetan, beste irteera batean topografiatzeko zain.

Lehen meandroak inklinazio handiko arrapala du, oso garbitua eta estetikoa, bloke txikien tapoi batean bukatzen dena, -35m-tako kotan (barrunbearen sarrerako ahoari dagokionez).

Bigarrenak aurrekoa baino dimentsio handiagoa du, eta batzuetan oso aktiboa. -45m-tako kotan, nahiz eta bere jarraipena antzeman, lauzpabost metroko desnibel batek, blokez oztopatuta, aurreratzea galarazten digu.

Meandroen albo batean, ugaztun kume baten hezurdura osoa aurkitu zen.

2 taldea:

Bigarren taldearen zeregina zona baxua topografiatzea zen, aurreko irteeran aurkitutako sifoiraino.

Aretotik 19m-ko putzutik jaitsi ziren, nahiz eta hona iristeko beste galeriaren topoa egina egon, zain zegoen beste zati honena bukatzeko.

Barrunbearen gune hau galeria nahiko altuak eratua dago (20 bat metrokoa), sarbide aktibo ugariekin, galeriaren ezkerrera eta kaos harritzar guzti honen behealdera doazenak.

19m-ko putzuaren gain-burutik, meandro bat ikusten da eskuinaldetik barrenduz, 8 bat metro oinarriaren gainetik kokatua.

Ezkerraldetik jarraituz eta 6 bat metroko malda jaitsi ondoren, blokez estalitako gune oso kaotikoa agertzen da eta zona nahiko zabal batean elkartzen diren meandro txikiez josita, ekarpen (oraingoz) bakar batean elkarretaratuta, arroila nagusirantz gidatuz.

Eskuinaldetik jarraituz eta arrapala txiki bat jaitsi ondoren, betegarrizko gune fosila aurkitzen da eta lenar ikaragarri batzuekin, lurzoruraino iristen direnak, konkrezio mota eder ugariekin.

Galeria hau nahiko zabal jarraitzen du, harkaitz galeria txiki askorekin, oso garbituak, eta topografia ikusi ondoren, ziur aski lehen deskribatutako aretoaren sakonera gidatzen duena.

Galeria itzel honen eskuinetara hainbat meandro eta galeria fosilak aurkitzen dira, ondo miatu eta esploratu beharko direnak, Aixakin konektatzeko egokia den norabidea denez gero. Oraingoz, galeria ikaragarri hau Aixatik 28 m-etara geratzen da.

Sifoia dimentsio nabarmenekoa da eta leku desberdinetako ekarpenak jasotzen ditu, gu horietako batetik iritsi ginen. Esekitako sifoi bat da dirudienez, oraindik sorgune nagusitik 60m gainetik gaudelako.

Hainbat galeria utzi dira esploratu eta topografiatu gabe, horietako bat sifoiaren gainean.

Bestalde, bigarren talde honetako bikoteak leku berera iristen den beste putzu berri bat esploratu zuten.

Ibarrengo Sakona

Gaur arte 1500m inguru topografiatu dira. Esploratu eta topografiatzeko geratzen diren hainbeste galeri ezezagunak kontuan hartuta, garapen handiko barrunbe baten aurrean gaudela iragarri dezakegu, Aixa-rekin noiznahi lotu lezakeena, Gipuzkoako lur azpiko sistema handiena sortuz. Denboraren kontua besterik ez da izango!.

About The Author

Asociación sin ánimo de lucro de Espeleología enfocada a la protección y defensa del médio subterráneo

Calendario

noviembre 2024
L M X J V S D
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930