Ernioko Kiropteroak Sagain Zelaian
Joan den larunbatean, taldeko hiru kide izan ginen Sagain Zelaian, Bergarako Pol-Pol eta Naturzaintzako biologo koadrilekin batera.
Alkizako udaletxeentzat natur-lan bat egiten ari dira eta laguntza eskatu ziguten Ernio eremuen barrunbeetako saguzarren koloniak ezagutzen al genituen edo.
Ez genuen ale asko ikusteko suerte handirik izan. Negualdean eta hibernatzen ari direnean, zientoka saguzar ikusi izan baititugu Kobazulo honetan.
Euskal Herrian 25 espezie inguru daudela estimatzen da eta intsektujaleak dira. Mundu guztian aurkitzen dira, poloetan ezik. Espezie txikienek 29-33 mm artean neurtu eta 2 g-ko pisua dute; handienek berriz 1,5 m-ko tamaina eta 1,2 kg-ko pisua lortzen dute Australia aldean.
Bizitokiak saguzar espezieen arabera aldatzen dira. Hiru portaera nagusitzen dira: urte osoan zehar barrunbeetan bizi direnak (haitzulotarrak), urteko garai batzuk bakarrik pasatzen dituztenak kobazuloan (erdi-haitzulotarrak) eta urte osoan zehar kanpoan bizi direnak (kanpotiarrak).
Ehizatzeko eta mugitzeko ekolokazioa deitzen den sonar sistema natural bat baliatzen dute. Ultrasoinuak ahotik bidaltzen ditu eta uhin horiek, inguruko objektuetan islatzen dira, atzera saguzarraren belarrietara itzuliz; honek, 3D-dimentsiotako mapa bat sor dezake, bere buruan uhinek itzultzeko behar izan duten denbora distantziak neurtzeko erabiliz. Saguzarrak sortutako ultrasoinu horiek ez dira entzungarriak gizakiarentzat, eta espezieen arabera iraupena eta frekuentzia aldatu egiten da. Halere, gizakiak entzun ditzakeen moduko soinuak eta garrasitxoak sortzeko gai dira, baina horien helburua arrunt ezberdina da (kexazko oihu sozialak, plazerezkoak, ama eta umearen artekoak, oldarkorrak, defentsazkoak, limurtzaileak etb). Harrapakina ehizatzeko ahoa erabiltzen dute edo bestela hegoak, salabardoak bezala. Ehiza eremuak 3 km-tik 25 km-ra heda daitezke, espeziearen arabera. Saguzar batek 3000 intsektu harrapa ditzake gau bakar batean; kilo bat intsektu inguru martxoa eta azaroa artean.
Kiropteroak bitarteko edo aldiuneko biziguneetan hartzen dute aterpe. Hibernazio garairako koipe erreserba ugaria behar dutenez, asko ehizatzen dute. Ugaldu ere udazkenean egiten dira.
Neguan hibernatzen dute, janari eskasiak bultzaturik. Hibernazioa azaro erditik aurrera hasten da eta tenperatura berdina duten toki lasaietan beti, heze eta ilunak hautatzen dituzte (lurpeko harrobiak, harpeak, leizeak…). Sabaitik eskegita hibernatzen dute, paretetan finkatuak edo haien gorputza harriarekin kontaktuan egoteko aukera ematen dieten tarte estuetan bestela. Hibernazio edo negutze garaian, bihotzaren taupadak geldotu egiten zaizkie eta arnasaldiak moteldu. Horrez gain, gorputzaren tenperatura apaldu egiten da. Espezie batzuetan, indibiduoak batak besteen kontra jartzen dira berotasun jaitsiera mugatzeko eta multzo bereizgarriak osatzen dituzte. Negutze erdian esnatu ezkero, haien bizia arriskutan jartzen dute energia xahutze handia suposatzen duelako horrek. Hori dela eta, linternekin argitzea, mugikorrak erabiltzea, oihukatzea edo mugimendu bortitzak egitea, kaltegarria da saguzar koloniarentzat.
Udaberrian, saguzarrak ehizan eta aldiuneko aterpeetan bizitzen hasten dira berriz eta ernaldia orduan hasiko da.
Udan, emeak erditze kolonietan biltzen dira arrak bazter batean utziz. Ekain amaieran eta uztaila hasieran, emeek kume bakar batez erditzen dute.
Saguzarrak desagertzeko zorian daudela eta, babestutako animaliak dira. Hauek dira kiropteroek aurkitzen ahal dituzten arrisku nagusiak:
Gai toxikoak: pestizidek edo/eta ongailu kimikoek intoxikatutako intsektuak jatean, pozoia gantzean edo amaren esnean geratzen da. Hori dela eta, batez ere hibernazio garaian (haien koipea bakarrik kontsumitzen dutenean) eta edoskitze garaian (amaren pozoitutako esnea edaten dutelarik) hiltzen dira. Bestalde, behiei ematen zaizkien zizareen aurkako botikak, digestio aparatuan dauden parasitoak akabatzen dituztenez, behi kakan aurkitzen dira eta saguzarrek jaten dituzten intsektuak kutsatu litzakete.
Behar ez denean esnatzea: Neguan edo egunez esnatu ezkero, honek suposatzen duen energia gastatzeak, kiropteroak asko nekatzen ditu eta heriotza eragin liezaioke.
Biziguneen itxiera: Eraikuntza zaharren berrikuntzak, irekidura zein sotorik ez duten eraikin modernoen garapenarekin eta ganbarak edo ganerrak logela bihurtzearekin batera, saguzarrei usaian erabiltzen dituzten eremuak kentzen dizkie (teilatupeak, eliza-dorreak, ganbarak, zubiak…). Meatze eta harrobien lurpeko zatiak segurtasunagatik isten dituztenean, espezie haitzulotarrek bizitokia galtzen dute. Horrez gain, zuhaitz zaharrak eta basoak mozteak zuhaitzetan bizi diren saguzarrei etxea kentzen die.
Ingurumenaren aldaketa: Intsektuentzat lagungarri diren biotopoen desagertzeak (hesiak, eremu hezeak, zuhaiztiak…) saguzarrei beharrezkoa zaien janari iturria murrizten du. Erretxina duten landareak eta zuhaitzak landatzeak eragin berdina du.
Harrapariak: Etxeko katuak, katajineta arruntak eta hontzak besteak beste, baina oso arraroa da.
Saguzar handienak 1,5m-ko tamaña?? A ze beldurra!! Xabino, garbitu ongi betaurrekoak!
Artikulu ona, denak bezala.
Oso ondo argazkiko montaia. Bestea ez dakit. Momentuz, nire euskararen urratsa hori baino gutxiago da. Beno, saguzar 1,5 m-ko tamaina , aklaratu behar duzula uste dut. Dena dela, gutxienez taldeko kide bat irakurtzeko interes dauka.