Erdikua edo Xoxuarteko kobia
Joan den larunbatean, Arnoko mendilerrora hurbildu ginen taldeko 6 kide, Aratzekin batera, gure aurreko bisitan aurkitu genituen barrunbeetako bat esploratzea.
Xoxuarte errekako isurbide aktiboa, Astigarribiako auzoan topatzen dena. Garai bateko datuak diotenez, 50m-ko desnibel eta 180m-ko garapenarekin. Dimentsio handia duen ahotik, bi leize bertikal abiatzen dira.
Erreka sartzen den leizetik jaitsi ginen 5 kide, egun horretan urik ez zeramala eskertuz. Hiru putzu kateatutako instalazioaren bitartez, marmita batera jaitsi eta hemendik bi galeria aurreratzen dira: ezkerrekoan ura jariatzen da, sabai makurreko zona batean sifonatuz. Biodibertsitate handia aurkitu genuen, aingira bizidun baten presentzia nabarmenduz (gure hipotesia egiaztatzen duen datu oso interesgarria, Deba ibaiarekin komunikatzen diren urpetutako bolumen handiko zuloen existentzia baieztatuz). Eskuineko galerian, eskalada txiki bat gainditu ondoren, arraidura baten oinarrira jaisten gera. Goraka, blokeen labirinto batean bukatzen dena, goranzko morfologiekin eta behealdera doan adarra, hau ere sedimentu eta lokatz kantitate handiarekin sifonatzen da.
Lehen bi putzu igotzerakoan eta hirugarren desnibel handienekoa baino lehen, eskuinera desbideratuz, balkoi arriskutsu batetik eta blokeen artean, galeria fosila dagoela dirudi, espeleotemak eta saguzarren presentzia ikusiz.
Sarrerako bigarren leizea ere instalatu genuen eta aurrekoarekin komunikatzen dela dirudi, metro batzuk beherago. Topografiatzeko materiala ahaztu genuen eta hurrengo batean bukatu beharko degu falta zaigun lana.
Taldeko beste bi kide, ingurua prospektatzen ibili ziren, begetazioekin borroka luzearen ondoren, beste isurbide txiki bat aurkituz.
Jardunaldia bukatu baino lehen, Olatz-eko zona bisitatu genuen, Kobetako leize ospetsuaren sarrera topatuz, (etorkizuneko esplorazioa) eta handik hurbil, beste leize txiki baten ahoa, baserritarrek enborrez estalita.