Covanegra leizea

Cubillos del Rojo (Burgos)

Oporretako txangoekin hasteko, Espeleofotoko Ruporekin batera, talde ezberdinetako kideok (burgoseko Niphargus, valentziako Espeleo El Túnel Canals eta bertako bikotea) izan ginen Burgoseko leize polit honetan. Eskerrak eman beharko dizkiogu Niphargus talde espeleologikoko kideei, bezperan leizea instalatuta utzi zigutelako, horrela bai señorito bezala, lasai joan gintezkeela.

Herritxo hau Burgoseko iparraldean dago. Betidanik ezagutzen zen Cubillos-Levako basamortua espeleologia praktikatzeko leku bat bezala eta talde asko ibili dira lanean eremu honetan.

Barrunbe hau karst honetako interesgarriena da dauzkan galerien handitasunagatik, bere formazioen edertasunengatik eta garapenagatik.

Covanegrak galeri bakarra duela esan genezake M. HM-E. IE norabideekin, baina baditu tarteka ere bigarren mailako galeriatxoak. Koladaz josita dauzkan erdialde eta alboak garapena oztopatzen digute eta horiek saihesteko gora eta behera ibili beharra dago etengabe. Leize hau oso egokia da espeleo ikastaroak egiteko, eskola bezala.

Barrunbearen sarrerak (ahoaren neurriak 8×10 metrokoak), 31 metroko bertikal aereo harrigarria du Niphargus gela handira jaisteko (120×40 metrokoa), Burgoseko neurri handienetako bat.

Zoruan, sabaitik eroritako bloke ugari daude eta dekoratutako hormak.

Eguzki-izpiak sartzen direnez eta ahoaren tamainengatik, berdetasuna da nagusi. Landare batzuk bizi dira: garoa eta goroldioa eta bestalde animalien erresuma dagokionez, kanpoko anfibioak, saguak eta belatxingak ikus daitezke.

Gela honetatik aurrera norabide kontrako bi sektoretan banatu dezakegu leizea. Alde batetik, Hego-mendebaldeko galeria eta bestetik, nabarmen luzeagoa, ekialdekoa. Hau da jarraituko deguna. Hasieran 60 metroko luzera eta 14 metroko zabalera duen korridore baten bitartez eta goraka estutzen dioan heinean Sala de la Rampa’ra iristen gera, bide honen sabaian estalagmita lodi batzuen ondotik pasako gera. Hemendik aurrera ez degu kanpoko argi izpirik ikusiko eta ezinbestekoa da soka erabiltzea malda honen lehenengo 8 metroetan. Beste 25 metro maldaz behera jaitsiko ditugu gela txiki batera iristeko, 6 metroko aragonito formaziozko katazulo bat zeharkatu eta hemendik aurrera kolada eta estalaktita ugari ikusiko ditugu ibilbidea amaitu arte.

Beste gela handi batean gaude. Jarraitzeko, aurrean daukagun kolada erditik zeharkatu behar da, eskuin alboetan bizpahiru galeriatxo motxak utzi eta pasabide labur baten ondoren, bigarren katazuloa zeharkatu, aurrekoen antzekoa, beste gela batera ailegatzeko eta hortik aurrerago Sala de la Gran Colada-raino. Hau, eskuinaldetik zeharkatu eta goialdean dagoen galerian bi leiho aurkituko ditugu dimentsio handiko hurrengo gelara iristeko. Ezkerrekoa aukeratu eta bustita dagoen hirugarren katazuloa igaro ondoren, 4 metroko bertikal batekin topo egingo dugu galeri handira jaisteko, soka edo eskala behar da pauso hau gainditzeko. Hasieran bloke askoren gainetik ibili behar da esplorazioa jarraitzeko baina aurrerago, lur harritsuekin, meandro baten itsura hartuko du galeriak, hormetan aragonitozko formazioak izango dira nagusi. Beste oztopo batekin topatuko gera, blokeen kaos batekin eta honek ematen du ia erabat blokeatzen duela jarraipena leku txiki bat ezik. Oraindik pare bat galeri geratzen zaizkigu saihesteko eta horietako bat el paridero (leiho estua) deitzen dena azkeneko gelara iristeko, 10 metroko kolada bertikal batean bukatzen da. Gozatzeko formazio oso ederrak ikus ditzakegu, bandera bitxiak eta baita gours batzuk ere ondoan dauden galeriatxoetan.

Informazio gehiago:

www.niphargus.net/IMAGENES%20web/topograf%EDas/topocovanegra.jpg

www.niphargus.net/covanegra.htm

Sobre el Autor

Asociación sin ánimo de lucro de Espeleología enfocada a la protección y defensa del médio subterráneo

Calendario

diciembre 2024
L M X J V S D
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031