Aste Bukaera Aralarren
Etxetik irteteko irrikitan gaudenez, Aralarreko bordatik eman nahi genion ongietorria normalitate berriari taldeko lau kidek, eta ekaineko hirugarren asteburu honetan prospekzioa edo arakatze saio bat egitea adostu genuen. Ostiralean iritsi ginen Uidui-ko paraje ederretara, eta aspaldiko partez bordako ate eta lehioak ireki genituen. Estazio meteorologikotik datuak hartu, borda txukundu, afaldu eta hizketa saioa egin ondoren goiz sartu ginen lo zorroan hurrengo eguna aprobetxatzeko asmoz.
Goizean goiz jeiki ginen, eguraldi ederrarekin. Dena prestatu eta honako ibilbidea egin genuen: Goroskintxu, Kilixketa, Alotza, Ganbo txiki eta azkenik Ganbo-n egin genuen tontorra, paraje ederretaz gozatuz. Bertan indar berritu eta bordaruntz abiatu ginen Pagabe eta Kutiso ondotik igaroz. 11 bat kilometro ibili ginen, 800 metro baino gehiagoko desnibelarekin. Zulo ugari aurkitu genuen, gehienak ezagunak eta besteren bat zalantzarekin. Denen kordenada eta argazkiak hartu genituen. Eta horrela igaro genuen asteburu aberats hau. Hurrengo saiorako galtza motxak buzoarengatik aldatu beharko ditugu.