Aitzbeltz
Oporrak bukatu baino lehen, txango desberdinak antolatzen ari gara astean zehar egiteko eta oraingo honetan Izarraitzeko Aitzbeltz mendian izan ginen taldeko bi kide.
Itxaropen gutxirekin abiatu ginen leize honen bila; izan ere, ez zen lehenengo aldia izan poltsiko hutsik bueltatu izandakoak, baino berriro saiatu beharra zegoen.
Erraz topatu genuena Txoriaitzeko leizea izan zen, debekaturik dagoen ehiztarien tira-lekuen hesia zehartuz gero aurkitzen dena (mendiaren tontor-gaina, leku mugatua bezala daukatenez).
Otarre mendiaren mendebaldean kokatzen da. Errentza baserritik hogei minutura, 590 metroko kotan eta pagadi polit batean aurkitu genuen, pago oker baten ondoan. 2 metro eta erdiko diametroa du sarrerak. Lehen bertikalak 65 m ditu eta 55 m hurrengo besteak. Guztiz 130 metroko desnibela eta 155 metroko garapena.
Mendia maldaz behera prospektatzen jarraitu genuen pinudi batean sartuta eta basoa zikintzen zihoan beheraka gindoazen heinean. Zail xamarreko bilaketen lana izango zela iragartzen genuen, baina taldeko dinosaurioak emandako pistak jarraituz, 560 metroko kotan eta lizar baten ondoan aurkitu genuen Aitzbeltz leizearen 7 metroko diametroa duen ahoa. 1955an jaitsi zen lehenengo aldiz leize hau. 188 metroko putzu jarraituko leize hau bizikleta zatiz egindako tridem baten bidez jaitsi zuten. Tridem bitxi hark tornu bat mugiarazten zuen espeleologoak garraiatuz. Hodi zilindriko baten formako putzua jaitsi eta ondoren, arrapala baten bitartez, beste hodi bertikal batera iristen da -279metroetako kotan amaitzeko. 390 metroko garapena du.
Umoretsu bi leizeen ahoak lokalizatuta genituelako mendiaren malda karstikoa orrazten segitu genuen, lapiazean susmozko arrail asko topatuz baina kobazulo txiki bat besterik ez genuen aurkitu, barnealdean kata bat zeukana.