
Agidoko kobea eta Pagatzako leizea
Izarraitzeko karst ezagutzen jarraitzeko, Pilarika egunean izan ginen taldeko bi kide, eremu interesgarri honen beste bi barrunbeetan. Zestoatik gertu, Agido mendiko haitzulo batean, eta Itziar inguruko beste leize famatuan.
Agidoko kobea
54m-ko garapen eta 23m-ko desnibelekin.
Zestoako mendi kuttun honetan ezkutatzen zaizkigu gaur, behelainoen artean, dimentsio apaleko barrunbe batzuk. Pistatik desbideratu eta begetazioekin borrokatuz, aldapa pikoa daukagu aurrean gailurreko kareharrizko labarrera iristeko. Horizontalki eskuinera segituz, 20m-ko leizetxo baten ahora hurbiltzen gera eta jarraipenik gabeko zulo bertikala besterik ez dela, dio esplorazioak. 50 m mendiko maldaz beherago eta pago handi baten sustraien azpian aurkitzen da Agidoko haitzuloaren aho handia.
Sarrera maldatsu honek, tamaina handiko gela batera eramaten gaitu. Lurzorua bloke handiz trabatua dauka, jarraitzeko posibilitatea galaraziz. Berehala bukatzen diren hiru bertikal aztertu eta gero, galeri ezezagun bat ezkutatzen da oraindik bloke baten azpialdean, baina progresioak, desblokeatzea eskatzen du. Zuloz behera botatako harritxoa, 2m beherago dagoen kolada baten gainean erortzen da, zarata segundo luze batzuetan entzunez, nahiz eta haizerik ez nabarmendu.
Pagatzako leizea
200m-ko garapen eta 150m-ko desnibelekin.
Aixako barrunbe ospetsuen hurbilean eta izen bereko baserrien belardiaren gainaldeko pinudian, kokatzen da leize honen ahoa, alanbre-hesi batez babestuta.
20m bertikal ditu lehen saltoak gehi beste 20m-ko arrapalekin, teilatu laua duen gela nagusira ailegatzeko. Eremu karstiko honen bolumen handien duena. Lurzorua bloke handiz josita eta maldaz behera doa. Leku bat baino gehiagoetatik jarraitu liteke oraindik beheraka bloke hauen artean. Aurrera egitean, horietako batetik jarraituz 150m-ko sakonera lortuko da. Hainbat putzu aztertu izan dira bestelako emaitzarik lortu gabe.
Barrunbe honen behea, Aixako sifoien ondoan dauden galeri fosiletik gertu behar dela dirudi.